XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- IDIAZABAL.- Ikus GAZTA.

- ILARRA.- Batzurentzat udaberria kukuaren kantuarekin batera hasten den urtaroa izaten da baina gastronomo finak badaki ilarra heldu arte ezin daitekeela esan primadera betean gaudenik.

Gure kostaldeko ortu eta baratzetan zutitzen den landare ahul hauek bezalakoak, gizakion lehenengo jakietarikoak izan ziren indusketa arkeologiko ugariren arabera.

Kristo aurreko 10.000 urte inguruko aurkikuntzak eginak dira.

Ustez, gainera Txina eta Indostan aldetik datorren lekakia da bera, izen zientifikoz Pisum sativum, Egipton, Grezian eta Erroman gorespen osoa jasotzen zuena.

Ia beti lehorturik jaten zen eta berak salbatu zuen gizakia gosete bat baino gehiagotatik, Erdi Aroan batez ere.

Unerik gorena XVIIgarren mendeko Frantziako gortetik hona ezagutu du ilarrak, idar berde borobilak, B, A eta C bitaminatan ongi hornitua denak.

Burnia, fosforoa, kaltzioa eta potasioan aberatsa da oso baina baita almidoiean ere, horratik ez da komeni argaldu nahi dutenen plateretan.

Aletu gabeko kilo bat inguru idarrek, 600 gramo ematen dute aletuta, edo gutxiago.

Sekretu handi bat menperatu nahi baduzue, aletu bezain pronto egosi idarrak, edo bestela esanda, egosi arte ez lekatu idarrik.

Prestatu ostera, nahi bezala, bai lagungarri eta bai bakarrik, plater nagusi bezala.

- IRIZAR.- Maisuen maisu, sukaldaritza kontutan.

Izenez Luis. Cuban jaiotako donostiarra.

Jatetxe, Hotel eta antzerako ugaritan ibilia.

Londongo Ritz hotela gidatu zuen urteetan, ehun eta hogei sukaldari eta laguntzaile eduki zituen bere menpean.

Hala ere, benetan ospetsu eta ezinbesteko egin duena, bere didaktikarako zaletasuna izan da.

Euskal Sukaldaritzan erabatekoa izan da bere maisutza (...)